XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Orduan printzesa bere onetik atera zen, hartu igela eta hormaren kontra jaurtiki zuen bere indar guztiaz; eta esan zuen: - Pake ederra emango duzu, orain, igel nazkagarri horrek.

Baina igela, lurrera erori zenean, errege baten seme bihurtu zen; zoragarriak eta maitagarriak zituen bere begiak; eta ordudanik aitaren borondatez, bere lagun eta senar maitea izan zen, eta kontatu zion nola behin sorgin gaizto batek sorgindu zuen, eta printzesak ezik, inork ezin zezakeela putzu hartatik atera, eta biharamunean bere lurraldera joango zirela elkarrekin.

Gero lo egin zuten, eta hurrengo egunean, eguzkiak iratzarri zituenean, zortzi zaldiko kotxe batean sartu ziren.

Zuriak ziren zaldiak, buruak lumaz apainduak, eta urrezko kateak bridatarako; Errege gaztearen morroia zihoan atzetik, Endrike leiala, alegia.

Honek, bere jauna igel bihurtu zenean, egundoko nahigabea izan zuen, eta bere bihotza saminez eta penaz leher ez zedin, burdinazko hiru barra jarri zituen bularrean.

Baina Errege gazteak bere kotxean egin behar zuen bidaia; Endrike leialak biak igo erazi zituen kotxe gainera, eta hauen atzean eseri zen; pozez gainezka zihoan bere nagusia salbatu zelako.

Eta ibilalditxo bat egin zutenean, Erregearen semeak zerbaiten hotsa entzun zuen bere atzean, zerbait hautsi balitz bezala.

Orduan, atzera begiratu eta esan zuen: - Endrike, kotxea hautsi al da edo zer? - Ez, jauna, ez da hautsi kotxea, igel bihurturik putzuan zeundenean, nire bihotzaren gainean jarri nituen barra haietako bat hautsi da baizik.

Beste bi aldiz entzun zen hots hau bera bidaian zehar.